San Martín Ikastetxea D ereduko ikastetxe publiko bat da, San Martín auzoaren bihotzean kokatuta, Gasteizko mendebaldean.
Gure ikastetxean haurrak Haur Hezkuntzatik (2-6 urte) Lehen Hezkuntza amaitu arte (6-12 urte) hezten ditugu, beren jakin-mina, autonomia eta ikasteko gogoa garatzen lagunduz.
2025/2026 ikasturtean, 20 ikasgela ditugu —haietako bi gela egonkorrak dira—, 315 ikasle, eta 50 profesional baino gehiagoz osatutako taldea, hezkuntza hurbila, inklusiboa, kalitatezkoa eta euskalduna eskaintzeko konpromisoa duena.
ATZERA BEGIRA
San Martin ikastetxeak 60 urte baino gehiago daramatza Gasteizko auzoaren eta familia askoren bizitzaren parte izaten. 1961ean ireki zituen ateak, garai hartan baratzez, zelaiez eta lurrezko bideez inguratuta zegoen eremu batean. Urte hauetan zehar, ikasle eta irakasle belaunaldi asko igaro dira beren geletatik, eta arrasto ezabaezina utzi dute ikastetxearen historian.
San Martin Ikastetxeak aldaketa sozial eta pedagogikoetara egokitzen jakin du, bere funtsa galdu gabe. Gaur, aurrera jarraitzen dugu ilusio berarekin, metodoak eta espazioak berrituz, eta familia handi horretako kide izan diren eta osatzen duten pertsona guztien ondarea baloratuz.